XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kasilda noiz il zan? Diotenez, 1073 urtea ezkeroztik asko luzatu gabe. Eta erriak berak santa izendatu zuan, Erromak zer zion itxogin gabe.

Leendik ere ezagutzen banuan ere, aurten berriz izan naiz Santa Kasildan, Briviesca-tik joanda.

Kamioak bere aldapatxoak baditu, lurra zimurtzen asia danez. Baiña ederra begiak artzen duten ikuspegia: aurrean Bureba izeneko ordeka, galsoroz estalia eta erri txikiz josia. Urrena, Obarenes mendiak.

Nekazari bat kamio ertzeko soro batean. Izketan asiak giñala, makurtu, lurretik arri koxkor borobil batzuk jaso eta zera esan zidan: aiek, leengo guraso zarrak ziotenez, Santa Kasildaren malkoak zirala.

Bat-batean, santutegia aurre-aurrean, muiño baten gaiñean, goizeko eguzkiarekin argi-argi.

Aldapa igo eta barrura sartu. Eliza txukun, garbi, polita.

Gaur dagoan bezela, XVI mendeko lana da.

Aldarean, arrizko kutxa edo illobi bat, barruan Santa Kasildaren ezurrak dituala, eta gaiñean beraren irudia. Otoitz-leku egokiak dira au bezelako tokiak.

Ormetan bertso batzuk, santaren goralpenerako. Arrosen miraria aitatzen duanak onela dio:

Rosas, Casilda en tu falda, fecundo produjo el cielo, por flores de tu piedad, por frutos de tu honor regio.

Kanpoan, ostatua eta plazatxoa. Alboko sala batean, santari eskeiñitako oroipengarriak. Aietan ikusten danez, Burgosko fededunak ez-ezik, Errioxa eta Bizkaikoak ere jaiera aundia diote santa oni.